
Lan istripua salatzeko, elkarretaratzeak deitu dituzte sindikatuek
Pasaia
Langile bat hil zen herenegun portuan; zortzi egunetan Euskal Herrian lan istripuetan hil den seigarren langilea da
olatz mitxelena
Astebetean sei, eta azkena Pasaiako Zamakona ontzioletan. Herenegun arratsaldean M.M.B. 50 urteko langilea hil zen , zortzi metrotik erorita, ontziolako ur gaineko dike bat konpontzen ari zela. Resining, Felipe, Gomez y Otros galdaragintza enpresarentzako lan egiten zuen zendutako langileak.
Herenegungoa zortzi egunetan Euskal Herrian lan istripuetan hil den seigarren langilea da. Aurten jada 54 dira.
Elkarretaratzeak heriotza salatzeko
Osalan Lanerako Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen arabera, langileak dikearen kanpoko alde bat aztertu behar zuen. Plataforma altxatzaile batera pasatzen ari zela babes elementu bati heldu zion, baina babes elementuak huts egin zuen eta langilea zortzi metrokotik erori eta hil egin zen.
Sindikatuek heriotza salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko. ELAk, 11:00etarako deitu du elkarretaratzea, Zamakona ontziolaren parean, eta LABek 12:00etarako, Donibaneko sarreran dagoen biribilgunean, Lan istripu gehiagorik ez lelopean.
Pasaiako portuan gehiengoa duen UGT sindikatuak ere, langilearen heriotza salatu du prentsa ohar bidez.
ELA: «Ez da kasualitatea»
Pasaian jazotako azken lan istripuak sindikatuen erreakzioak eragin zituen atzo. ELAk prentsa ohar bidez esan duenez istripuak «ez dira kasualitatea». «Segurtasun neurrien eskasia, lanerako gehiegizko erritmoa, eta osasun eta segurtasun arloko arautegiak ez betetzeak» eragindakoak dira istripuak, ELAren ustez.
UGTk, bere aldetik, «prebentziorako ikuskaritzak dinamizatzeko exijitu» zion atzo Eusko Jaurlaritzari. «Azkarragak dio ikuskarien kopurua handitu egin dutela, eta guk exijitzen diegu haien egitekoa eraginkorragoa izatea», adierazi du sindikatuko Lan Osasunerako ordezkari Pilar Collantesek.
Portuan aurtengo bigarrena
Bi dira aurten Pasaiako Portuan hildako langileak. Lehen heriotza uztailaren 2an gertatu zen. Portugalgo 42 urteko marinela hil zen, Trintxerpen. Nathalie Chantal II itsasontziako marinela ontzira igotzen ari zela orekari ezin izan zion eutsi eta uretara erori, eta bertan ito zen.
Urtarrilaren 31n beste langile batek eduki zuen lan istripua Pasaiako portuan. Gibraltargo bandera zuen Alegro itsasontziko43 urteko marinela, itsasontziko eskaileretatik behera erori zen, eta buruzurreko eta entzefaloko traumatismoa larria eragin zion istripuak. Zainketa intentsiboetan egon zen marinela.
2007an bost lagun hil ziren eskualdean lan istripuan, horietatik hiru Pasaiako Portuan. Iazko otsailaren 26an gertatu zen lehen heriotza, San Pedroko arrantza portuan. Martxoaren 5ean, itsasontzi bateko kapitaina agertu zen hilik, Molinaoko kaian. Martxoaren 8an, kamioilari bat hil zen portuan, bihotzekoak jota.
Lan istripuek iaz eragindako beste heriotzak Lezon eta Oiartzunen izan ziren.
elkarretaratzeak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
Ikuskizunak
Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.