
Gaur hasi eta San Inazio bitartean, festa nagusi
Donibane
20:00etan botako dute jaien hasiera iragartzeko suziria, gaur, udaletxe zaharreko balkoitik
olatz mitxelena
Gaur iluntzean hasiko dira santioak Donibanen. San Inazio eguna bitartean jaietan murgilduko dira sanjuandarrak. Santio Eguna, Santa Ana, San Pantaleon, San Inazio... patroiez betetako festa egunak dira Donibanekoak, eta urteetako ohiturari jarraituz, Jai Batzordeak, egun horien inguruan atondu du jai egitaraua, oparoa.
Arratsaldeko lehen orduan hasiko dira gaur jaiei lotutako ekimenak. Meipiko jolastokian haurrentzako jolasak izango dira , eta handik irtengo dira erraldoi eta buruhandiak plazara bidean, txupinazoa ospatzeko. Urtero legez, barrutiko aiton-amonen ordezkariek izango dute suziria pizteko ardura. Ondoren, dantza egiteko aukera izango da, Erlaxi taldearen eskutik, plazan.
Santio Eguna
Biharko dute sanjuandarrek festetako lehen egun handia. Santio egunez urtero egiten den legez, sokamuturra izango da goizean, eta arratsaldean dantza solte txapelketa eta herri kirolen erakustaldia. Mugerza eta Bihurri eta Olasagasti Flores aizkolariek zutikako enborra moztuko dute. Etzandako hamar enbor moztuko dituzte baita ere, eta trontzan hamar mozketa egingo dituzte.
Horrez gain, Goenatxo eta Landarbide ariko dira harria altxatzen. Bakoitzak hiru harri altxatuko ditu, hirurak desberdinak.
Erakustaldia bukatzeko, Bihurrik aulki bat egingo du motozerrarekin.
Gazteek, gazteentzako antolatuak
Donibaneko jai egitarauan gazteek badute eskaintza. Biharko bertso afaria antolatu dute gazteek, Jokin Uranga eta Fredi Paya bertsolariekin. 10 euroren truke, Patxiku eta Remos tabernetan afarirako txartela eskuratzen dutenek, urdaiazpikoa, zainzuriak, txorizoa eta marmitakoa dastatu ahal izango dute Bonantzan.
Ondoren break dance saioa izango da, gazte txosnaren ondoan, Bonantzan baita ere, Intxaurbreak taldearekin.
Etzi, herri olinpiadak egingo dituzte gazte koadrilek plazan, 19:30etik aurrera. Festa giroan, nor baino nor arituko dira, ohiko jolasetan.
Azkenik, hilaren 30erako, Preso eta Errefuxiatuen Egunerako, Naizroxa eta Des-kontrol taldeen kontzertua antolatu dute. 00:30ean hasiko da musika jaialdia, Amnistiaren Arkuaren azpian.
gaurko egitaraua
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.