Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

Harpidetu zaitez!

hasiera indartsua

Donibane

Santioak indartsu hasi dira, eta herritarrek jarraipen handia egin diote Jai Batzordeak landutako proposamenei

urko etxebeste

Sokamuturra oso berezia da sanjuandarrentzat. Donibanen, herri guztietan bezala, zaila da ekimen baten inguruan pentsakera, adin edo joera ezberdinetako jendea biltzea. Baina Donibaneko sokamuturrak hori lortzen du; eta gehiago. Santiotan bi sokamutur izango dira; bata, atzokoa, Jai Batzordeko kideen esanetan «oso jendetsua eta emozioz bizia» izan zena. Bigarrena, San Inazio egunekoa, 08:00etan. Orduan Donibane kalera aterako da berriz ere, gozatzera.

Izan ere, atzoko jai egitaraua sokamuturrarekin hasi baitzen. Gaupasa egin zutenek zailtasunik gabe itxoin zioten bigantxen festaren hasierako suziriari; ez pentsa ohetik altxa zirenei gehiegi kosta zitzaienik jantzi eta kalera ateratzea.

10:00etan, berriz, Gaztelutxora Txirrindularitza Igoera egin zen, Vicente Carballesen omenez. Neska gaztetxoen kategorian Amaia Eguren izan zen irabazle, eta haren atzetik Lorea Etxabe eta Nagore Mertxan sailkatu ziren; gaztetxoetan ere, baina mutiletan, Urbil Fraile irabazke, eta atzetik, Julen Urtizberea eta Asier Oiarbide. Kadeteetan, berriz, Jon Mikel Alonso izan zen Gaztelutxoko bidean gora azkarrena, Ibon Lazaren eta Ander Lazaroren aurretik. Gazteetan, Aitor Sistiaga txapeldun, eta azkenik, helduetan, Jokin Aduriz (irabazlea), Ritxar Rivera eta Beñat Lekue onenak. Denera, 41 txirrindularik parte hartu zuten Donibane Zikloturista Elkarteak antolatutako proban.

Paellaren bueltan

11:00etan, Toka Txapelketa egin zen plazan. Bitartean, ordea, paella erraldoia egiteko prestaketetan hasi ziren sanjuandarrak Plazan. Ez da erraza, ez, 200 bat lagunentzako paella prestatzea, baina jakinduriarekin eta lasaitasunarekin, dena da posible: gustura gelditu ziren otorduarekin Plazan paella bazkaltzen izan ziren sanjuandarrak.

Arratsaldean, berriz, musa, Dantza Solte Txapelketa eta herri kirolak izan ziren Plazan. Afaltzeko, zer hoberik mokadua eta bertsoak uztartzea baino, bertso afarian. Eta eguna bukatzeko, break dance-a.

Gaur, Santioetako hirugarren eguna izango da, Santa Ana eguna hain zuzen ere. Ondoko koadroan agertzen da zein izango den gaurko jai egitaraua. Eguneko mugarri garrantzitsuenak, 11:00etako meza Santa Anan, 18:00etako KAE1 Ligako estropada, eta 22:30eko Habaneren ikuskizuna.

Danborradako entseguak

Itsas Mendi Elkartetik jakinarazi dute San Inazio eguneko danborradako entseguak astelehenean eta asteartean egingo direla, 20:00etan, pilotalekuan. Jendea entseatzera ager dadila eskatu dute. Izan ere, San Inazio eguneko danborrada (22:30ean hasiko da), ontzian egiten da, badiatik, eta parte-hartzaileek derrigor asegurua egin behar dute. Horregatik, datorren asteko entseguetan parte-hartzaileen izen-abizenak jasoko dira asegurua egiteko.

 

Gaur, 22:30etik aurrera, Habaneren ikuskizunak sanjuandarren eta bisitarien bihotzak hunkituko ditu, ozeanoaren bestaldetik etorritako ohiturarekin

Habaneren lilura Plazan

u. etxebeste



Santa Ana egunak badu zerbait bereziagoa duela urte batzutatik. Ohiko ospakizunez gain, Habaneren ikuskizunak azken lau urteetan xarma berezia eman dio egunari. Bonantza Auzo Elkartearen ekimena Donibaneko mugetatik haratago ezaguna egin baita, eta Plazan, giro berezia sortzen dute dantzariek eta abeslariek, sanjuandarren eta bisitarien gozamenerako. Magia giroa sortzen da Plazan, liluragarria. Beraz, gaur, 22:30etik aurrera magia giro hori errepikatuko da: Habanerak IV. Ohitura zaharrak berreskuratzen.

Aurten, gainera, hiru pertsona izango dituzte gogoan bereziki Habaneretan dantzan eta kantari ibiliko direnek. Aurreko urteetan Habaneren ospakizunean parte hartu zuten Pedro Etxeberria Pedrotxo, Fuxe Neves eta Arantza Taberna azken hilabeteetan zendu dira, eta haiei keinua egin nahi izan dieten Bonantza Auzo Elkarteko antolatzaileek. Keinu ederra.

Lan handia

Aurten Habaneren usadioa berreskuratu zela laugarren urtea izan arren, lan handia egin dute parte-hartzaileek gaur dena ondo atera dadin. Izan ere, hilabeteak eman dituzte entseguetan dantzariek eta kantariek. Rosa Sistiaga izan da ekimenaren koordinatzaile orokorra, eta koroa zuzentzen Andoni Olaziregi izan da.

Antolatzaileek jakitera eman dituzten datuen arabera, aurten, dantzarien eta abeslarien artean, 100 bat sanjuandarrek osatuko dute Habaneren ikuskizuna. Gainera, adin ezberdinetako kideak biltzen dira bertan, herritar gazteetatik hasita, 80 urteko sanjuandarretaraino.

Horien artean, gaur, Ramon Otero abeslari bakarlaria, Satxa piano jolea, Ina Goikoetxea gitarra jolea eta Lerman baxu jolea izango dira.

Denera, 12 kanta abestuko ditu koroak; horietako lauetan dantzariek lagunguko dituzte abeslariak. Beti bezala, aurretik, itsasontzia etorriko da, Habanatik.



 

gaurko egitaraua, santa ana



11:00. Meza Nagusia Santa Anako ermitan. Ondoren salda eta pintxoak banatuko dira mezara joango diren guztien artean ermitaren kanpoaldean.

11:00-13:00. Plazan eta Bonantzan, haurrentzako eta gaztetxoentzako jokoak eta tailerrak Tximistaren eskutik.

13:30. Bazkaria haurrentzako eta gaztetxoentzako Plazan. Doan izango da bazkaria. Ondoren, Modestoren eskutik dantzaldia egingo da Plazan bertan.

18:00. KAE1 Arraun Ligako estropada, Pasai Donibane-Koxtapek antolatua. Pasaiako ordezkaria Pasai Donibane-Koxtape izango da. Lau traineruko hiru txanda izango dira, denera, beraz, 12 traineruk parte hartuko dute.

20:00. Gazteen arteko olinpiadak Plazan. Koadrilean artean hainbat herri-kirol eta bestelako jokoak egingo dituzte. Gazteei parte hartzeko deia egin diete.

22:30. Ohitura zaharrak berreskuratuz, Habaneren ikuskizuna Plazan. Kantariak eta dantzariak bilduko dira Plazan, laugarren urtez jarraian. Habaneren ikuskizuna eta gero, dantzaldia Lauak taldearekin.

01:00. DJek musika jarriko dute Bonantza aldeko txosnetan goizeko ordu txikiak arte.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa