
eneko gil ð- Dantzaria
«Hankak dar-dar batean jarri zitzaizkidan nire izena entzutean»
Dantza
'Dantzari Bikainaren' saria jaso du errenteriarrak Madrilgo Koreografien Lehiaketan; horri esker, Ipar Karolinara (AEB) joateko aukera izango du
Alain maya
Eneko Gilek (Errenteria-Orereta, 1985) ezusteko handia hartu zuen Madrilgo Koreografien Lehiaketan Dantzari Bikaina saria jaso zuenean. Ertza dantza garaikideko konpainiarekin izan da asteburuan Madrilen, eta horrez gain, herriko Kukai Dantza Konpainiako eta Ereintza Dantza Taldeko kide ere bada. Esperientziaren berri eman dio OARSOALDEKO HITZA-ri.
Dantza garaikidearen munduan hasiberria zarela esan daiteke; eta hasi orduko sari hau. Espero al zenuen saria?
Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin saria irabaz nezakeela. Izugarrizko ezustekoa izan da, susto handi- handia! Hankak dar-dar batean jarri zitzaizkidan nire izena entzun nuenean eta saria jasotzera igo nintzenean. Asko hunkitu ginen, bai ni eta baita Ertza konpainiako kide guztiak ere.
Dantzari bikaina saria jaso duzu. Zergatik uste duzu aukeratu zintuztela?
Saria ez da dantzari hoberenarentzat, lehiaketan izugarrizko dantzariak zeuden eta. Saria nazioarteko epaimahai batek ematen du, eta asko pentsatu ondoren, nigan zerbait ikusi zutelako uste dut eman zidatela saria. Auskalo zer, baina zerbait ikusiko zuten niri emateko.
Zein sari eman dizute zehazki?
Saria American Dance Festivalera joateko 3.500 euroko beka bat da; aurten, Duke University-n ospatuko omen da. Dantza garaikidearen inguruko klaseak eta teknika ezberdinei buruzko ikastaroak jasoko ditudala uste dut, baina egia esan ez dakit ezer zehatz-mehatz. Saria jaso dudala sinisten ari naiz oraindik eta.
Sari honek ate berriak zabalduko dizkizula uste duzu?
Egia esan ez dakit. Auskalo. Lehenik eta behin, Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) noa, eta han jende berria ezagutuko dudala espero dut. Nork daki zer gertatuko den, baina egia esan izugarria izango litzateke.
Euskal dantzan aritu zara orain arte. Nolatan eman duzu jauzia dantza garaikidera?
Kukai Dantza Konpainian dantza garaikideko ikastaroak jasotzen hasi ginen Lasarte-Oriako Maider Oiartzabalekin. Asko gustatu zait dantzakera hau; esan daiteke engantxatu xamarra gelditu naizela. Kukairen Hnuy illa... ikuskizunean urrats batzuk sartu genituen. Ondoren Ertza Konpainiak audizio bat egin zuen (euskal dantzarekin zerbait egin nahi zuten) eta Maiderrek joateko proposamena egin zidan. Joan eta hartu egin ninduten. Uda guztia lanean igaro ondoren badirudi lanak bere fruituak eman dituela.
Bide hortatik jarraitzeko asmoa al duzu?
Asko gustatuko litzaidake, baina dantzaren mundua, denok dakigun bezala, oso zaila da. Dantza garaikidean ikasten jarraitzeko gogo handia dut momentu honetan, baita beste dantza estiloak ere.
Euskal dantza eta dantza garaikidea uztartuta, batak besteari mesede egiten al dio formakuntzan?
Behin baino gehiagotan egin diot nire buruari galdera hori, eta ez dakit, egia esan. Gauza oso interesgarriak ateratzen direla uste dut bi dantza estiloen uztarketatik. Besteak beste, Kukairen Hnuy illa... ikuskizunean oso koreografia interesagarriak daude, eta Bihar jaio nintzen koreografia (Ertza konpainia) ere oso interesgarria dela iruditzen zait.
Etorkizunerako zein asmo
dituzu?
Oraingoz hemen jarraituko dut lanean; urtarrilean Kukairekin proiektu berri bati ekingo baitiogu. Udan AEBtara joango naiz, eta gero gerokoak. Ea bide honi jarraipena eman diezaiokedan.
Euskal dantzari asko nazioartera joan ohi da. Buruan al duzu ideia hori?
Duela urte batzuetatik pentsatzen ari naiz kanpora joatea, baina oso zaila da. Asko gustatuko litzaidake, ea datorren urtean edo hemendik gutxira joateko aukera dudan. Printzipioz Ipar Karolinara (AEB) noa udan, ez dela gutxi!
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
erakusketa
Ricardo Ugarteren erakusketa
PASAIA, Donostiako Koldo Mitxelenan - 2009-07-01
deialdiak
Iparraldera eta Nafarroara irteera
PASAIA, - 2009-07-01
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.